XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ferrari bat 144 milioi pezeta pagatu.

Ferrari 250 LM bat 7,2 milioi frankotan (144 milioi pezeta) adjudikatu zen herenegun ilunabarrean Parisko Batzar Jauregian.

Autoaren jabeak erosi zuen kotxea, jendeak berak nahi adina ematen ez eta, berarekin geratzea erabaki baitzuen.

Frantzian garestienik saldu dena da Ferrari 250 LM hau.

1963. urtean presentatu zuten Auto Aretoan, eta urte berean Le Mans-eko hogeita lau orduak izeneko karrera irabazi zuen Ferrari 250 P-ren erreplika da.

1964 eta 1965. urteetan fabrikatu ziren auto hauek, guztitara hogeita hamahiru.

Orain enkantean atera dena 1964. urtean fabrikatu zen 6051 zenbakiarekin.

Beretzat nahi dute Aita Santuak erregalatu zien Ama Birjina.

Juan Pablo II.ak erregalatu zieten Ama Birjina Eguberritan elkarri erregalatu nahi diote Reagan senar-emazteak.

Baina Ama Birjina hori beretzakotu baino lehen altxor nazionalean honenbesteko bat utzi beharko dute.

Iparramerikar legeen arabera ezein gidarik ezin dezake beretzat gorde hor nonbaitekoren batek erregalatu dion ezer baldin eta erregaluak ehunda larogei dolar baino gehiago balio baditu.

Beraz, Ama Birjinaz jabetzekotan, urretan pagatu beharko dute berorren balioa.

1989. urtean utziko dute Etxe Zuria.

Honenbeste erregalo jaso dituzte eta, banaka batzu gorde nahiko lituzkete, azkeneko zortzi urteon oroitzapenetan.

Elur erauntsia Estatu Batuetan.

Joan den astelehenaz geroztik elurra ari du Estatu Batuetako zenbait estatutan, hegoaldean bereziki.

Milaka auto errepidetan geratuta.

Arkansas estatuan bost pertsona hil dira elurretan eta hirurogeiren bat badira zaurituta geratutakoak, hauetatik hamahiru larriki.

Missuri, Tennessee eta Mississippi estatuetan ere elurra lodi egin du.

Eskolarik gabe dira umeak.

Texas estatuko El Paso hirian hogeita lau zentimetrotako elurra egin zuen astelehenean; ez zen inoiz honelakorik ezagutu.

Orain iparraldean hasi du egiten.

Uste denez Minnesota, Wisconsin eta Michiganen bi metroko elurra egingo du ondoko egunotan.

Frank Sinatrak Santa Klausena egingo du.

Frank Sinatra kantari famatuak Santa Klausena egingo du Eguberritan, jostailurik gabe geratu diren lau umeri erregaluak eskainiz.

Lehengo batean Miamiko Lake Lucerne herriskan lapur batzuk umeon etxean sar eta bertatik Eguberritako erregalu guztiak ostuta eraman zituzten.

Orain, erregalu horiek, kantariak berak eskainiko dizkie.

Ez da marka txarra.

Harriturik nago, esan du Emelia Coleman, lau umeren amak, izan ere erregaluak ostutzea gauza bat da, baina are harrigarriagoa da mundu osoan horren ezaguna den kantari batek berriro erregaluak ekarriko dizkiela jakitea.